GR 99, EBROKO BIDE NATURALA

Ibilbide luzeena duen bidea da, 40 km-koa gutxi gorabehera, eta Eltziegon hasten da.

Eltziegori herri-izendapena eman zioten 1067an. Bertan, nabarmentzekoa da arkitektura zibila, armarridun eraikin ugarirekin.

San Andres eliza aipagarria da, bere dorre errenazentista desberdinengatik. Hiribilduaren erdialdean, udaletxearen aurrean, Plazako Ama Birjinaren baseliza dago.

Ibilbideak San Roque baselizara eramango gaitu, Eltziegotik 0,5 km-ra. Handik, mahastietan barrena, Lapuebla de Labarcaraino jarrai dezakegu.

Lapuebla de Labarca izena herriaren kokalekuak berak ematen dio. Izan ere, Ebro ibaiaren ur-bazterrean dago, eta antzina txalupa bat erabiltzen zen beste aldera gurutzatzeko. Hiribilduaren erdialdean jauregi-etxe bat eta XVI. mendeko Jasokundeko Ama Birjinaren eliza nabarmentzen dira.

Hemendik, Ebroren ur-bazterrari jarraituz, San Vicente baselizara iritsiko gara. Bertan, atseden har daiteke, eserlekuak eta iturri bat baitaude. Ondoren, beste bide bat hartuta, Eltziego eta Mañuetaraino iritsiko gara.

Mañueta herria erromatarren garaikoa da; Ebro ibaia zeharkatzeko bide bakarrenetakoa zen. San Cristobal baselizatik herri osoa ikus daiteke, eta Antiguako Ama Birjinaren eliza nabarmentzen da bertan.
Puntu horretatik San Torcuato baselizaraino jarrai dezakegu; gaur egun, hondarrak besterik ez dira geratzen. Eta handik, Villabuena herriraino joango gara.

Villabuena erreka baten bi aldeetan dago. Hirigunean, hainbat jauretxe ikus daitezke. San Andres eliza XVI. eta XVIII. mendeen artean eraiki zuten. Nabarmentzekoak dira San Torcuato eta Santa Maria baselizak, absidean hondar erromanikoak baitituzte.

Villabuenatik bideari jarraituz, mahastiak zeharkatuta, Eltziegora iritsiko gara.

BIDEA KILOMETROTAN

Eltziego – Mañueta: 5,5 km.
Mañueta – Villabuena: 2,7 km.
Villabuena – Eltziego: 7,7 km.

Kilometroak guztira: 39,2 km.

GR 120, INAZIOTAR BIDEA

Guardia – Navarrete

Guardia hiribildua zeharkatu ondoren, urmaelak inguratu eta hegoalderantz jarraituko dugu, etapa Errioxako lurretan amaitzeko.

0 km-a. GUARDIA.Etaparen lehenbiziko atalean, Guardiako aintzirak ezagutzeko aukera izango dugu; urmael horiek dauden eremua biotopo babestua da.

Guardia hiribildutik pista bat hartu eta ekialderantz jarraituz, Prado de la Paul izeneko urmael artifizialera iritsiko gara, eta ezkerraldetik inguratuko dugu. Bertatik aldentzean, GR 38 bideak (Ardoaren eta Arrainaren Ibilbidea) urmaelen inguruan jarraituko du, baina guk beste bide bat hartuko dugu.

Errepidea gurutzatu eta Carralogroño, Carrvalseca eta Musco urmaeletara doan bidea hartuko dugu. Azken urmael hori berreskuratzeko fasean dago.

Berriro ere Ardoaren eta Arrainaren Ibilbidearekin egingo dugu bat, baina metro batzuetan zehar besterik ez; izan ere, bide horrek berehala jarraituko du Oion aldera.

Ibilbidea hegoalderantz jarraituko dugu, mahastiz beteriko hektareaz inguratutako lursailetan zehar. Horrek gogoraraziko digu Arabako Errioxan gaudela. Malda gutxiko bide erosoetan zehar, GR 99 Ebroko Bide Naturalarekin bat egingo dugu, eta azkenean, Lapuebla de Labarcara iritsiko gara. Horixe da Inaziotar Bidearen Arabako azken herria.

10,1 km-a. LAPUEBLA DE LABARCA. Ebro ibaiaren gaineko zubia zeharkatu eta atzean utziko ditugu Arabako lurrak eta Ebroko Bide Naturala; bide horrek Eltziego udalerrirantz jarraitzen du. Orduan, Errioxan barneratuko gara. Hemendik aurrera, GR 120 bidearen seinalerik gabe, etaparen zati zailenetako bat egingo dugu. Izan ere, errepidearen bazterbidetik doa, eta gero, trenbidea zeharkatu behar da. Behin trenbidea zeharkatuta, mahastietan zehar aurrera egingo dugu, berriro ere GR 99 bidearekin bat egiteko, Fuenmayor herriko inguruetaraino.

14,2 km-a. FUENMAYOR. Fuenmayorretik hegoalderako bidea hartu, eta etapa Navarreten amaituko dugu.Udalerri hori ezaguna da Tedeon muinoaren gainean dagoelako. Multzo historiko-artistiko gisa sailkatua dago, eta gainera, Donejakue Bidea bertatik igarotzen da.